XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zezenari adarretatik, gizonari... lanetik

Izenburua: Zezenak Euskal Herrian (Gure baitan dituzten erro luze-ezkutuak).

Egilea: Iñaki Azkune Mendia.

Argitaratzailea: Udako Euskal Unibertsitatea.

Hitzaurrea: Joxe Azurmendi.

Zezenketekikoa, gurean, eztabaida luzea izan da eta da, oraindik ere.

Frankismoaren sasoian zezenketak fiesta nacional izaten zirela eta, corridak goitik gora gaitzesteraino heldu ginen gehienok.

Egia esan, nik neuk ez dut sekula ere maite izan halako ikuskizunik.

Bestalde, izan da, bai, gaitzespen horri aurrea hartu gura eta zezenketa Euskal Herrian sortua dela esan duenik ere.

Erasotzea ei da defentsabiderik hoberena.

Aldekoek nahiz aurkakoek, dokumentazio trinkoa falta izan dute eztabaidakide guztitsuek.

Hutsune horrek berorrek ahalbidetu du eztabaidaren gurpilak betiko basatzan sartuta irautea, ez arre ez so.

Oraingoan, alabaina, beste urrats bat igarotzeko unean gara.

Iñaki Azkune Mendiak zazpi urteko lana kaleratu du, Zezenak Euskal Herrian, zeinen azpititulua, ezin esanguratsuagoa, Gure baitan dituzten erro luze-ezkutuak den.

Doi-doi geratu da mila orrialdeetara heldu barik liburu lodikote hau.

Hala bada, ez da inor harrituko ez dudala osorik irakurri esaten badut.

Areago, ez da hau jarraian irakurtzeko liburua, ez.

Ezer izatekotan, eta bada, kontsultarako liburua duzue.

Dena dela, lana garrantzitsua delakoan, begiradatxoren batzu eskeini dizkiot tarteka marteka azken hamar egunotan.

Hasteko, bilketa lana da Azkunek Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzaz eskaintzen diguna.

Zezenei buruz, zezenketa hutsei baino, aintzinatean hasita eta gaurdaino sortu den dokumentazio hustu gura izan du gizon adoretsu honek.

Datuak, gero, sailkatu egin ditu.

Hasteko eta behin, Euskal Herriko lehen zezenaren ingurukoak azaltzen dizkigu Azkunek, Uro zahar harenak, alegia.

Horren ostean, zezenek zenbait erlijiotan bete izan dutena aztertzen du, euskal mitologiara jotzeko azkenik.

Bai kapitulo hauetan eta bai beste guztietan ere, kapituluz kapitulu, bibliografia zehatza eskaintzen zaigu. (Bibliografia guztiok begiratu ditut eta harrituta geratu naiz. Bakar baten lana ote da hau baina?).

Zezenak Erdi Aroan da hurrengo kapituluaren izena.

Ostean, hurrenez hurren, kapitulu bana eskaintzen zaie XVI., XVII., XVIII. mendeei.

Interludioa egiten da, Martintxoren arazoa delakoari ekiteko.

Goya-k akuafuertetan pintatu zuen oinezko toreatzailea duzue Martintxo hori, arin esanda esateko.

Beraz oinezko horrek argi dezake kapituluaren jomuga zein den.

XIX. mendea hiru herenetan zatitu du Azkunek, oraingo mende hau, Gerrate aurrerainoko urteetarainoko tartea baino ez bada ere, lau zatitan bereiztu duen bitartean.

Arestian esan dudanez, ez da hau jarraian irakurtzeko liburua, hala da ze, aurkibide toponomastikoa dakar azkenean.

Bertan begiratu baino ez eta laster aurkituko dituzue gura dituzuenak.

Ni neu holaxe ibili naiz, frogatxoak eginez, inguruan ditudan herrien gainekoak begiratzen.

Literaturak zein historiak, antropologiak nahiz soziologiak, edozeinek du hemen etorria berritzeko makina bat gai.

Ulergarria denez, ez dira diratekeen datu guztiak bildu.

Hutsunerik ere bada, ze zezenketak edo antzekoak egin izaten zirena ziur dakidan lekuren batzu ez dira agertzen.

Honen osagarria izan beharko du, beraz, tokian tokiko zezenzaleek herrietako artxibategietan egin beharreko ikerketa sailak, etorri ere etorri egingo direnak, ezertan ziur banago hurrengoan bait nago, liburu honek poza eta amorrua eragingo dituelakoan, aintzat non eta norengan.

Dena dela eta beste edozeren gainetik, beste alde batek pozten nau ni, poztu; aurrerantzean Euskal Herrian gai honi ganoraz ekingo dion nornahik euskaraz ekin beharko diola, alegia.

Jai izango du bestela.

Arlo honetan, beste inontxo ere ez bezala, ezinbestekoa izango da euskara.

Azkenik, hiztegia eta hitzaurrea ere badakartza, hobe ez, liburuak.

Nondik atera dituen hitzak Azkunek, ez dakit nik.

Ederrak dagoz, ugari; bat edo beste ikusi dut, zelan esan?, hain ados ez egotekoa gutxienezkoa da.

Hitzaurrea egin dion Azurmendiren egoeran nago ni neu ere.

Zezenzalea izan eta, hara!, ezin ttukunago argitaratu den liburu mardul honekin miretsita eta pila ahituak kargatzen.